XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euren artean salatari bat zeukatela jakin ahal izan zuten. Hori zela-eta, Fidelek ustekabean eman zuen itsasoratzeko agindua, inork espero ez zuenean, salatariak Kubara mezua igortzeko astirik izan ez zezan.

1956 hartako azaroaren 22an zabaldu zitzaien agindua Mexikon zehar barreiatuta zeuden taldetxoei: azaroaren 24an zen hitzordua, Veracruz estatuko portutxo batean. Castrok lehendik ere ohartarazia zien agindua jaso bezain laster eskura zeukatena hartu eta beste guztia utzita abian jarri beharra zegoela, eta halaxe egin zuten guztiek. Azkenean 82 gizon untziratu ziren teorian 20 lagunentzako lekua baino ez zeukan Granma zaharrean.

Azaroaren 25eko goizaldeko ordu bata eta erdietan jarri zen abian untzia, gerrillarien bi urteko prestakuntzen ostean. Itsasoan ekaitz bortitza zeukaten zain. Bestaldean, berriz, salatariak ohartarazitako 35.000tik gora gizon, Kubako Polizia eta Armada barne tankez, kostazainez, gerrauntziz eta hegazkinez hornituta. Nolanahi dela, espediziokideek ez zekiten hori, eta ezta Kubako historia garaikidearen orririk garrantzitsuenetarikoa idaztear zeudela ere.